XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hogeiren bat pertsona zihaozen aurrean ikurrin erraldoia eramanez txorimalo nagusitzat ehiztari gaiztoak uxatzearren.

Oihuak atzerantz zetozen, gero eta ozenago, gu gindoazen azken muturreraino pixkanaka iristen zirelarik.

Manifestaldi osoak bat egiten zuen kontsigna horrekin.

Eta horrela jarraitzen zuen bosten bat minutuz.

Gero berriz ekiten zioten aurrekoek beste zerbait oihukatzeari.

Gora ETA militarra! Gora ETA militarra! Gora ETA militarra!

Ostera ere ari ginen Goardia Zibilaren koartelera inguratzen.

Koartel aurrean hogeiren bat goardia zibil zeuden, kaskoa jantzita eta metraileta eskuan, ilara itxia osatzen.

Eta espaloiaren beste aldean beste horrenbesteko ilara.

Po-li-zi-a-txa-ku-rra! Po-li-zi-a-txa-ku-rra! bururatu zitzaien oraingoan aurrekoei garrasika hastea.

Eta bazirudien hori izan zela aurrez erabakitako seinalea.

Sarjentuak zerbait agindu zuen eta kli-kla, kli-kla, hots azkar batzuk entzun genituen garbi asko gure larrialdirako.

Handik aurrerakoa eromen hutsa bihurtu zen.

Hantxe zapuztu baitzen erabat txori ezberdin guztien asanblada.

Jendea korrika hasi zen alde batera eta bestera, aurrekoekin estrapozuka.

Oihuak eta garrasiak ozenagotzen joan zirela egin zitzaidan.

Ematen zuen Hitchcock-en Txoriak filmearen errodajea zela, baina Hitchcock zuzendaria guztiz mozkortuta zegoenean.

Tiroak hasi ziren.

Tiro hots haiek espantagarriak iruditu zitzaizkidan.

Erabat urduritu nintzen.

Ni ez nengoen holakoetara guztiz ohituta.

Aurrerantz egin nuen korrika.

Ez nuen atzera begiratzen.

Sakabanatua zen gure lagun taldea.

Aurreraxeago Bixen beste txori galdua ikusi nuen, hogeiren bat metrotara, eskuineko kale batetik desagertzen beste askoren artean.

Nik ere haruntz jo nuen. Sirenotsak entzungarri egin ziren garbi aski eta aldika bala hotsak, pak, pak, pak, txorien erorketarako.